XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Su beroa Beroaz idatzi behar nuela eta, hatzamarrak idazmakinarantz luzatu nituen nekez.

Balkoiko xirrituetatik sartzen ziren argi izpietan, hiru euli zentzugabeko hegalaldian ari ziren dantzan, begi marroi haundiak hertsirik, siestaren magalean, Caribeko errepublika bananeroetan, Indian edo Marokkon girotutako filmeetan sapaitik zintzilik biraka egiten duten helize haundizko haizegailuak gogoratu nituen.

Play it again, Sam!, esan nion nire buruari, teklak berriro sakatzen saiatzen nintzela.

Gela beroaren erditzalean, errefreskagarri azukretuen mila iragarki tronpagarrik egin zidaten eraso.

Idazteari utzi, eta, arrastaka bazen ere, hotzgailurantz bidaiatzea pasa zitzaidan burutik, baina jakin banekien jarabe haiek ez zidatela egarririk asetuko.

Are gehiago: zurrupatutako likidoak berehala nire izerdian itoko ninduela nekien.

Nire esperantza eguzkirik gabeko gaua zen.

Haatik, iluntzerakoan kalera irten nintzenean, suzko garrek inguratu ninduten.

Orduan jakin nuen kiskalirik hila nintzela San Juan bezperan.